Ataria > Área Internacional > OTROS IDIOMAS > Euskare > Mexikon ere, “¡PRESXS POLITICXS, LIBERTAD!”

Mexikon ere, “¡PRESXS POLITICXS, LIBERTAD!”

Ostirala 2012(e)ko urtarrilaren 27a, Egilea Comité Cerezo México

Komite Internazionalistetik joan den udan antolatu genuen Mexikoko brigadan, hango preso politikoen egoera ezagutzeko aukera izan genuen. Brigada honetan, Mexiko Hiritik Txiapaseraino egin genuen ibilbide osoan zehar preso politikoekiko elkartasuna lantzen duen hainbat erakunde, kolektibo eta pertsona ezagutzeko aukera izan genuen ere bai.

Baina lehenik eta behin, Mexikori buruz aritzen bagara, 2006an sortu eta gaur egun mantentzen den testuinguru sozio-politikoari arreta jarri behar diogu.

Testuinguru horretan kontuan hartu behar dugu 2006an presidentziarako hauteskunde prozesua burutu zela, eta hortik PAN alderdi ultraeskuindarreko Felipe Calderón hautagaiak hauteskunde-iruzur salaketen artean boterea hartu zuela. Horren ondorioz, hauteskundeen bitartez lortu ezin izan zuen legitimazioa bereganatzeko, presidente berriak “narkoaren aurkako guda” aitzakitzat hartuz, kalera atera zuen ejertzitoa.
Ordutik, herria izan da estrategia hau larrutik ordaindu duena, eta hildakoen eta desagertuen kopuruak oso nabarmenki igo dira (60000 hildako eta 10000 desagertu baino gehiago) eta herri mugimenduan diharduten pertsona eta kolektiboen kontrako errepresioa eta jazarpena eguneroko kontuak bihurtu dira. Brigadan zehar hainbat aldiz entzun ahal izan dugun bezala, estrategia horren ondorioz Mexikon ematen ari den egoerak, Kolonbia ekartzen digu burura, Kolonbizazioa izena arrunt bihurtu da herrialdearen egoeraz hitz egitean.

“Comite Cerezo”
Gure ibilbidean preso politikoen elkartasuna lantzen duten hainbat kolektibo zein pertsona ezagutu genituen. Horietako bat “Comite Cerezo” dugu. Arrazoi politikoengatik preso dauden pertsonen eskubideen aldeko defentsan lan egiten dute. Kolektibo hau 2001ean sortzen da Alejandro, Hector eta Antonio Cerezo anaiak eta Pablo Alvarado Flores atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituztenean. Beraien defentsa antolatzeko sortu zen Comite-a eta haien askatasuna lortu eta gero, Mexikon existitzen diren preso politikoen aldeko defentsari ekin zioten buru belarri.
Ordutik egin duten lana oso garrantzitsua izan da preso politikoen egoera, exekuzio estrajudizialen eta atxilotzean desagertuak izan diren pertsonen kasuak dokumentatzeko eta salatzeko. Beraiekin egon ginenean ikusi genuen nola jendea eta gizarte mugimenduak trebatzen zituzten hauen inguruan gertatzen diren kasuen salaketa eta jarraipena era autonomo batean aurrera eraman ahal izateko.

Comite Cerezokoek esan zigutenez, Calderonek presidentzia hartu zuenetik preso politikoen auzia nabarmen aldatu da: 2007an Mexikon 1000 preso politiko baino gehiago bazeuden, gaur egun 120 inguru dira. Aldaketa honen arrazoi nagusia gobernuak 2006tik aurrera daraman estrategian datza, horrela, orain herri mugimenduen kontrako borrokan Mexikoko gobernuak gehien erabiltzen dituen tresnak, exekuzio estrajudizialak eta atxiloketetan gauzatzen diren desagertzeak dira besteak beste.

Chiapas: “No estamos todxs”
Chiapaseko preso politikoen alde jarduten den “No estamos todxs” erakundea ere ezagutu genuen. Zapatismoak bultzatutako “La Otra Campaña”-ko preso politikoen defentsan lan egiten dute. Beraiekin San Cristobal de las Casas-etik oso hurbil dagoen espetxera joan ginen eta han dauden preso politikoak ezagutzeko aukera izan genuen. Kartzelan pairatzen duten egoera oso larria izan arren (masifikazioa, zikinkeria, osasun baldintza oso txarrak...) ikusi genuen nola antolakuntzaren bitartez bere adorea eta egoera hobetu dela nabarmenki. Azken hilabeteotan gose greba garrantzitsu bat burutu dute, baina gobernuak oso gogor aritu da mugimendu hura gelditzen eta bururik gabe uzten, horela, Alberto Patistán (La Voz del Amate preso politikoen kolektiboko kidea, espetxe horretan beste presoak politizatu eta presoen kolektiboa antolatu duena) Chipasetik oso urrun dagoen Sinaloako espetxe batera bidali dute, sortutako presoen kolektiboa akabatzeko asmoz.

Brigadan ikusi ahal izan genuenez, Mexikon, Euskal Herrian eta munduko beste hainbat lekutan gertatzen den bezala, gobernuek preso politikoak erabiltzen dituzte herri mugimendua geldiarazteko. Hala ere, bai Mexikon, bai Euskal Herrian edo munduan edonon, badaude preso politikoen alde lan egiten duten erakunde eta pertsonak. Beraiekiko elkartasuna eta haien askatasunaren aldeko borroka tresnarik eraginkorrena da preso mantentzen dituzten hesiak apurtzeko.


Linean ikusi : Mexikon ere, “¡PRESXS POLITICXS, LIBERTAD!”

Mezurik, iruzkinik ?

Nor zara?
Zure iruzkina hemen gehitu

Inprimaki honek SPIPen lastermarkak onartzen ditu [->url] {{gizena}} {etzana} <quote> <code> eta HTML kodea <q> <del> <ins>. Paragrafoen sortzeko, lerro huts batzuk utz itzazu.